Biografia

iF (Yves Matxikote Jorajuria, 1977), familia xume baten 3. umea, Uztaritzen (Lapurdi) sortu eta hazi da. Euskararen transmisio naturala jaso ez duen lehen belaunaldikoa da.

Arte Plastikoetako batxilergoaren ondoren eta Bordeleko Arte Ederren eskolako lehen urtea balidatu ondoren, karrera artistikoari uko egin behar dio lanbide pragmatikoago baten bila joateko (Grafikagintzan).

1996-1999 bitartean euskara ikasten du bere euskalduntasuna osoki eta harrotasunaz aldarrikatu ahal izateko, eta 1998. urteaz geroztik, hizkuntza eskubideen, eskubide zibil eta politikoen baita Euskal Herriaren aintzatespen baten alde ere aritzen da.

2001ean, soldadutza frantsesa egiteari uko egin eta intsumiso jartzeagatik atxilotzen dute.

Mende berriaren hasiera hartan, Madrilek Euskal Herriaren kontrako "sorgin-ehiza" indartzen du. Legez kanporatzeak ugaritu egiten dira: ikerketa-aldizkariak, egunkariak (horien artean euskarazko bakarra), irratiak, helduei euskara irakasteko sareak, alderdi politikoak eta gazteen mugimenduak. Denbora berean atxiloketa-sarekadak datoz. iF, beste dozenaka militante bezala, Europako atxilotze-aginduaren pean dago 2002tik 2018ra, bere engaiamendu politikoengatik.

2003an, Europako atxilotze-agindu horien zentzugabekeria salatzeko ekintza sinboliko bakezale bat antolatzen da Baionako kale bat moztuz. Hori dela eta, isun gazi bat ala hilabete et'erdi espetxean pasatzea hautatu behar du zigor eranskin gisa. Kartzela aukeratzen du.

Urte horretan bertan, azkenean, sexualki askatzen da eta bere homosexualitatea intimoki zein publikoki onartzen du.

2004an, Xirika gazteentzako astekariaren sortzean eta argitalpenean parte hartzen du. Besteak beste, sexualitateari buruzko atal ilustratu baten arduraduna da. 2005ean atal horren izen bereko konpilazio-lan bat argitaratzen da: Itzulipurdika. *

2009an, bere bikotekidearekin etxebizitza zabalagoa erosten du, arte plastikoetan erabat berrinbertitzeko aukera ematen diona. Orduan, bere esperientzia, aldarrikapenak eta kezkak lotzen dituen lana hasten du. Garai berean, frantses poliziak bikotekidea Espainiako poliziaren esku utzi eta 2015era arte preso politiko atxikitzen dute.

2010az geroztik, Euskal Herriko erakusketa-eremu publiko eta pribatuetan (Baiona, Eibar, Zumarraga, Tolosa, Elgoibar…) erakusketak egiten ditu, eta estatu frantseseko hainbat azokatan parte hartzen du (Hivernales - Parisen, Art En vrac Salies-en…).

2019an, tTok arte lekua irekitzen du, Uztaritzen, bere eta beste artista profesionalen lanak erakusteko eta artea hirigune handietatik kanpo zabaltzen laguntzeko.

2020an, Zapart sarearen sorrera bultzatzen du, euskal lurraldeetan artistek egiten duten lanaren aniztasuna zabaltzeko eta balorizatzeko, eta artista-estatutuaren alde aritzeko.

2021ean, Tolosako Aranburu jauregian beren lehen atzera begirako erakusketa (Adar Lotuak 2009-2021) jartzen du.

*http://www.ikas.eus/spip.php?page=pmb_notice&id_notice=2643&lang=eu

biografia