LIBURUTEGIA SUTAN. ETA GU BARNEAN…

DNSEP - Masterraren memorioaren II. partea duzu hau, nire lanaren gaiaz argibideak ematen dituena, zenbait erreferentzia ekarriz. Diplomaren balidaziorako idatzitakoa bada ere, hau da, 2025eko udaberrian, azken urteetan gidatzen nauen gaia da. Memorioa osoki ikus daiteke beherago.


Hiru urte eta erdi dira etxeko ogia nihaurrek egiten dudala. Horretan hasi nintzen okindegira joan eta handik tripako minarekin eta ogirik gabe itzuli nahi ez nuelako…

Dena normala zen. Beno, jasaten ikasten den normaltasun horietakoa. Goiz hartan, alta, ogi eginberriaren usai goxoa zerion mahaira hurbilduz zera eskatu nuen, behatz erakuslea zut-zut: "Bageta bat mesedez", euskaraz. Saltzaileak deblauki erantzuten zidan, erdaraz:"Ula! Ez naiz euskalduna ni!". Pedagogikoki, esaldiak langile haren espezializazio arloari loturiko hiru hitz besterik ez zekartzala jakinik, bigarren saiakera: "- bageta", desiratutako ekaia hatzez erakutsiz eta "- bat" Pisako dorrea baino zutago zegoen nire behatz erakuslea ikur. Ogia mahai gainean jartzerakoan zera bota zidan: "- nigatik, euskara bost!". Dirua berriz hartu, buelta eman eta salgaia hantxe utzita alde egin nuen. Ogia eroste hutsa bera ere bortitza izan daiteke.

Hizkuntzaren gaia garrantzitsua da. Etxeko transmisio naturala eten zaion lehen belaunaldikoa naiz ni. Etxeko transmisioa, desagerpenaren gertakari fatidikoaren aurreko azken harresia. 20 urte nituenean ikasi baldin badut euskara, hizkuntza erabiltzeko izan da eta, egoera administratiboa zer den ikusirik, defendatzeko ere bai; ez hizkuntza hori beste bat baino gehiago delako, baizik eta badagoelako eta irauteko eskubidea duelako. Horregatik, modu batez edo bestez, nire lanean txertatu dut.

Ez dirudi Estatu frantsesean ofizialak ez diren hizkuntzen aldeko ekintza publikoa kaltegarria denik bere eraginkortasuna hain eztabaidaezina litekeen emaitzetan. Laudorioak barra-barra dabiltza alde guztietan, eta zenbakiek itxaropena pizten dute, zenbakiek axola baitute.

ICIko (FranceBleu) kazetari Bixente Vrignon-ek jorratutako komunikatuaren arabera , 2023-2024 ikasturterako, Euskal Herri Hirigune Elkargoko ikasleen %43 euskaraz eskolatuta zegoen. A ze zenbakia! pentsatuko dute batzuk. Hala ere, alderantziz ikus dezakegu: bizi diren lurraldeko hizkuntzarekin inolako harremanik gabe heziko dira ikasleen %57 uzten zuelako.

%43 horri dagokionez berriz, Lehen Hezkuntzako ikasleak bakarrik zenbatzen zirenez, eredu elebiduna eta murgiltze-eredua biak nahasirik, jada ez da oso sendoa. Aldiz, ikasturte hartako ikasle guztietatik %6k soilik bukatu zuela eskolatzea murgiltze-eredutik igarota jakinik, eta, beraz, haiek bakarrik gai izanen direla, ziur aski, eztabaida bat euskaraz egiteko, horrek %94ko zenbakira arte goratzen du gure hizkuntzan hitz egiteko gai ez den haurren kopurua (horietatik %68 gure ogi-saltzailea izaten ahalko denean). Panorama nabarmen desberdina da ikuspegi honetatik, eta euforia berehala desagertzen da.

Hizkuntza bat ez da izaki bat. Ez da aparteko gauza bat, izate independente eta fisiko bat. Hizkuntza gure parte da. Giza komunitate batek asmatutako lehentasunezko komunikabidea da. Ez du ezer genetikorik, eta, gainera, edonork ikas dezake.

Hizkuntzaren bidez bizi gara. Hala, XX. mendearen hasieran, Antoine Meillet hizkuntzalariak ondorio hau atera zuen: "Hizkuntzak lehen baldintzatzat du giza jendarteak existitzea, eta jendarte horien ezinbesteko tresna da, etengabe erabilia". Komunikatzen gara, jakina, baina baita pentsatzen, hausnartzen eta amets egiten dugu ere hizkuntzarekin. Hala, hizkuntzaz ari garenean, hiztunez, gizakiez, ari gara, sentimenduz eta emozioz hornituriko izakiez. Populazio bati bere hizkuntza ikastea eta horren ezagutzea kentzea, populazioaren beste parteari, gero eta gutxiagotua dagoenari, hizkuntza hori praktikatzeko aukera kentzea ere bada. Horrek, hizkuntzarentzat dituen ondorioez gain, ondorio psikologiko eta emozionalak ditu hiztunengan.

" Izaki miserableak, une batez lokatz meta txiki horren azalera botatakoak, artaldearen erdia beste erdiaren jazarlea izan behar dela errana izan omen da beraz?"

— D.A. F. de Sade, Rousset-eko andereñoari gutuna, Filosofia estrenak, 1782ko urtarrilak 26.

François Gemenne politologo eta ikertzaile belgikarrak hondamendi naturalak ez direla existitzen erraten digu, dena irizpide askoren eta arriskuarekiko menpekotasun baldintzen araberakoa delako.

Arestiko irakaskuntzari buruzko datuak ezin dira kasualitatearen ondorio izan, ezta seme-alabek hizkuntza ez ikastea populazio batek bere kabuz erabakitzearen ondorio ere. Horretarako daude baldintza garaikideak, politikoak eta soziologikoak, baina baita historia bera ere, eraiki den zerbait, eta, aldi berean, zerbait suntsitu duena.

1609ra arte egin dezakegu atzera, Pierre de Lancre magistratua Bordeletik Lapurdiko lurraldera sorgin ehiza burutzera bidali zuten garaira. Kulturarekiko, erritoekiko eta, nola ez, hizkuntzarekiko mespretxua izan zen gutxienez ehun errugabe torturatu, kondenatu, exekutatu eta sutara bidaltzeko aitzakia. Julien Vinsonek gogoratzen digunez, De Lancrek biktimei beren kulturaren markak egozten zizkien: "galbidearen fruitutik" datorren sagardoa edaten zuten, modu bereziegian janzten ziren eta itsasoari ez zioten beldurrik… Epaiketa horiek azkar zabaldu zuten izua. Tematienek euren errituak eta ohiturak klandestinitatean egiten jarraitu zuten, baina asko jada hasi ziren euren jatorrizko nortasuna baztertzen zigorren beldur, bizirik irauteko.

Gertakari ilun horien ondotik beste batzuk etorriko ziren, zitalagoak ere bai, hala nola, hainbat forma (eraztuna, ziria) hartuko duen "Anti" deituriko objektu bat erabiltzea.

Objektu hori haurrak presionatzeko modu bat zen euskaraz mintzatzen zen ikaskidea sala zezan, horrela Antia berari pasako baitzion eta egunaren amaieran tresna ukaiteak zekarren zigorra ekidingo zuen. Haurrak hizkuntza baztertzen eta salatari "hezteko" tresna izan da Antia (Frantses) Errepublikako eskolara joatera derrigorrezkoa bilakatu zenean.

Ildo beretik, Emmanuel Macron Frantziako Errepublikako presidenteak ofizialak ez diren hizkuntzekiko estatu mespretxu bizia berretsi berri du. Frantses akademiaren hiztegiaren 9. edizioa entregatzean egindako adierazpenean, "herri hizkerak", "patois delakoak", "eskualdeetako hizkuntzak", hau da, estatuaren begietara hizkuntza ez diren horiek guztiak, "zatiketarako tresna" direla baieztatu du, horien artean milaka urtekoak direnean…

Egia da, hondamendi naturalak ez direla existitzen.

Nire asmoa ez da euskal komunitate linguistikoaren zorian polarizatzea, arazoa askoz ere zabalagoa baita. Desagertze masibo orokor baten lekuko baikara, ikusi nahi duenarentzat behintzat.

Desagertze masibo hori da, hain zuzen ere, Diller Scofidio + Renfo hirukoteak Paul Virilio filosofo eta hirigilearekin batera landu duen gaia, Cartier arte garaikiderako Fundazioak antolatutako "Terre natale, Ailleurs commence ici" ("Sorterria, Beste Nonbait hemendik hasten da") erakusketaren kari.

EXIT. Hori da sortu duten bideo-instalazioaren izena. Lan horretan migrazio-fluxuei, fluxu ekonomikoei eta batzuen eta besteen arrazoiei buruzko datuak erabili dituzte. Momentu batean, hizkuntzen gaia landu dute. CNRSko ikertzaile Nicolas Tournadre hizkuntzalari entzutetsuak bezalakoek jada ohartarazi duten bezala, XXI. mende honetan gauzatzear dagoen desagertze masiboaren aurkezpen dinamiko baten aitzinean jarri gaituzte, hots, gaur egun oraindik existitzen diren 6.700 hizkuntzetatik %47ren desagerpenaren aurrean.

2010ean, Charles Sandisonek The River izeneko instalazio bat egin zuen Parisko Quai Branly museoaren eskariz. Museoan zeuden herri eta toki geografikoen 16.597 izenak jasotzen zituen hitz-jario batek eramaten uztera gonbidatzen zituen bisitariak. Helburuak giza aniztasuna eta kulturen aberastasuna erakustea ziren. Museoaren asmoa txalogarria da, baina ameskeria ziztu bizian ihesi doa, Bertrand Westphal-ek ohartarazten digun bezala, leku horietako batzuk arrastoak besterik ez direlako jada, eta kultura horietako asko galzorian edo jadanik desagertuak direlako.

Arestian ikusi dugunez, hizkuntza, berez, norbanakoarekin lotuta dago, bere kultur komunitatearekin duen loturarekin eta nortasunarekin. Kultura batek desberdintzen gaitu osoki. Europa aniztasun horretan aberatsa zen. Gainera, hizkuntzek ez dute De Lancrek XVII. mendean uste zuen bezalako asmo gaiztorik, ezta Frantziako presidenteak, XXI. mendean oraindik, suposatzen duen asmo politikorik ere. Aitzitik, erdeinuaren, kondenen, erbestearen eta deportazioaren ondorioz, eta goragokotzat jotzen den beste hizkuntza batekin ordezkatuz gero, horien desagertzeak asmo bat argiki adierazten du: menderatze gogoa.

Bertrand Westphalek toponimo gaelikoen ingeleste kasuen berri eman du; ondorio zuzen gisa izen horien zentzua galtzea dela seinalatu eta "kosta ahala kosta eta tarrapatan kolonizatzeko" borondatearen adierazle argia dela azaldu. Limousin eskualdeko unibertsitarioa, alsaziar jatorrikoa, Mantxako kanalaz haraindiko adibide baten bila joan da, Frantziar errepublikaren eredu eztabaidaezina utzita.

Kultura, ordea, menderatze prozesuari lotutako alderdi bat baizik ez da; helburu hegemonikoen lantza-kateetako bat. Gure jendarteen ikuspegi politiko global batean sartzen da eta horretan lurralde-antolamendua ez da, agian, pentsa litekeen bezain axolagabekoa.

1960ko hamarkadan, hirigintza funtzionalaren eredu berri bat sustatu zen pabiloiaren ametsa bultzatuz. Urteak eta hamarkadak igaro ahala, paisaia lursail karratutan zatituz joan da, eta sail handixeago/txikixeago horien erdian familia bakarreko etxebizitza txiki bana eraiki da, sasi-hesiz inguratua. Amets amerikarra. Kostu bat duen ametsa.

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) arkitektura irakasle den Unai Fdez de Betoñok hiri antolaketaren eta hizkuntzaren arteko harremana ikertu du. Ikerketa horrek eredu funtzionalak sektore batzuen negozioan oinarritzen dela erakusten du: eraikuntzako enpresena, autogintza sektorearena (eta erregaien ekoizpena/salmenta arloarena), bide-egokitzapenekoa eta noski, horren guztia finantzatzeko aseguru eta banku sektorearena. Familia bakarreko etxebizitza arrakastaren ikur bihurtzen den bitartean, sistemarekiko gero eta menpekotasun handiagoa sortzen du. Menpekotasun hori, berriz, isolamenduarekin lotua da, hurbileko lotura sozial, ekonomiko, kultural eta linguistikoak oztopatzen eta apurtzen dituelako. Paul Virilioren hitzak erabiliz, "jendartearen deseraikuntza garai hauetan" telebistako aurkezlea bere baitara bildua den familiaren lagun mina bihurtzen da.

Alderdi sozial, ekonomiko, politiko, kultural eta linguistikoez harago, jada hiri ez den hiriaren hedapen horrek areagotu egiten du lurzoruaren artifizializazioa. Horrek eragin zuzena du ingurumen-orekan eta aniztasun biologikoan. Nekazaritza-lurrak eta lur naturalak eraikigarritzat jartzen dira, eta natur guneak desagertu egiten dira izotza eguzkian nola. Lurra objektu bat besterik ez da, eta haren gainean marrak marrazten dira, eremuak definitzen dira gero salerosketan aritzeko, Jenny Savillek Plano izeneko obran aurkezten digun bezala: emakume-gorputz bat (berea), joko baten maisuek ezarritako estetikari erantzuteko liposukziorako prestatzen den objektua.

Bestearen konkista hori eskala handiagoan ere gertatu zen, eta oraindik jarraitzen du, Zibilizazioa eta Unibertsala dena zabaltzeko bokazioa banderapean.

Unibertsala… Horretxen izenean zabaldu ziren konkista eta menderakuntza mundu osora mende batzuk lehenago. Horri buruz, François Jullienen gogoetaren berri ematen digu Bertrand Westphalek. Jullienentzat, izpirituaren alferkeriari nahiz boluntarismo hegemonikoari dagokien ñabardurarik gabeko uniformizazioaren aitzakia da unibertsalaren kontzeptu hori.

Espirituaren nagikeria. Frantses akademiaren hiztegiak definizio hau ematen du: "Ez lan egiteko ohiko prestutasuna, axolagabekeria, gauzen utzikeria". Mendebaldeko Europako estatuek Mundua kolonizatzeko eta, besteak beste, beren ikuspegi unibertsala inposatzeko erabili duten suhartasuna eta frenesia ikusita, zalantzan jar genezake kalifikatzaile horren egokitasuna. Baina egia da ezen, horiek beren burua Argien Garaiaren oinordekotzat hartzen dutenez, eta, beraz, obskurantismoaren aurka ari direla uste dutenez, gutxieneko koherentzia izateko nagikeriak jota ibili ez ote diren galde diezaiokegula geure buruari.

Gure paisaiak puntu zuriko karratu berde bihurtu baino askoz lehenago, Europako potentziek haientzat berdura-karratu handiak ziren gainerako kontinenteak banatzeari ekin zioten.

Lurralde horietako jende multzoak berriz zer? Behartutako lanetarako baliagarri diren azpiespezieak… Argirik izan bada, laburra eta oso ahula izan da… Zibilizatu eta zibilizatzaile deituriko gure jendarteek, ez dute, nolanahi ere, konplexu izpirik. Horiek beren burua eredutzat hartzen dute, baina kontuz, ikasleak ez du eredua gehiegi kopiatu behar bestenaz zigorra izan izanen da. Eta zigorra, matxinatu ziren eta Afrikatik Antilletara edo beste edonora deportaziora kondenatu zituzten herrietako buruzagi horientzat guztientzat izan da. Christine Delphyk, berriz, samintasunez ohartarazten du Mendebaldeak ez duela bere erantzukizunaz gogoeta egiten eta, bidegabekeriaren aurkako protesten aurrean, bidegabekeria gehiagorekin erantzuten duela.

Inperialismoa eta etnozentrismoa, baita europarra ere, arrazista da argi eta garbi. Kolonialismoak Bestea menderatzen du. Bere lurraldea okupatzen du, lanesku gisa erabiltzen du, bere baliabideak ustiatzen ditu; eta denbora berean, Senegalen kasuan adibidez, frantsesa dela esaten dio baina hiritartasun berdintasuna ukatuz… Are gehiago, kexatu egiten da bere metropoli lurraldea afrikarren inbasio baten aurrean legokeelakoan… Espirituaren nagikeria fede txarrarekin erriman... Jean-Paul Curnier-ek, bestalde, zera azpimarratzen du: "demokrazia" deitzen diren inperio horiek, bultzatzen dituzten balioen eta horien etengabeko ukazio praktikoaren arteko gatazka moduko batetik eratortzen direla; Régis Debrayk ondorio bera berretsiko luke.

Kader Attiaren Ghost obrak, mespretxu horren adibide argi bat jorratzeko aukera ematen digu, norabide guztiz sinbolikoa erantsiz: beloaren erabileraren eztabaida. Hemen, identitatearen eta debozio kolektiboaren arteko harremanaz gogoetatzen du artistak, zaurgarritasunaren eta indarraren arteko orekaz. Hala ere, gure gaira itzuliz, lan honek aukera ematen du kultura anitzeko harremanari heltzeko, erlijioak barne. Kader Attia frantziarra da, eta nazionalitate bikoitza du: frantsesa eta aljeriarra. Frantziako historia kolonialetik eratorria dela esan genezake. Gurasoak "Aljeria frantsesean" bizi izan ziren, non gehiengoaren kultua musulmana den.

Metropoliak, berriz, bere burua laikoa dela esan arren, ildo judeokristau katoliko nabaria du. Plaza publikoetako gurutze handiak ez dira desegin. Igandeko mezak telebista kate publikoetan ematen dituzte, eta gertatzen da presidenteak ere horietan parte hartzea. Pentsa dezakegu, halaber, ez dagoela ez gurutzearen ezta ere Daviden izarraren inolako debekurik, agerikotasunarekiko tolerantzia lagun. Zergatik beraz beloa besterik begi-puntuan hartzen ez duen "erlijio-zeinua eramatearen aurkako" lege bat? Laikotasunaren argudioa, berriz ere, nekez onar daiteke… Christine Delphyk irakurketa zuzen eta zorrotz bat proposatzen du, hasieratik zentsuratuta dagoen eztabaida baten intolerantzia giroa sumatzeko aukera ematen duena, kaltetuak ez baitituzte inoiz galdekatu eta entzun.

Horren ondorioa, edonola ere, milaka neska gazteren diskriminazioa eta jendarte zati baten orbaintzea areagotzea izan dira. Arrazoia, berriz, bestearekiko mesfidantza eta gorrotoa. Eta Bertrand Westphal, berriz ere, bere buruari galdezka: "Mendebaldearen iruditeriaren eraikuntzak aurkakotasun-joko atzerakoi bat ez al dakar ezinbestean, Bataren nagusitasuna ezarri nahi duena, 'gu' selektibo baina lauso baten barnean ezagutua, atzeraezinezko bestetasunean hondoratutako Beste baten parean". Hesiak, hormak, hor daude, ikusgai, ikusezin.

2024ko Veneziako Biurteko Espainiaren pabiloiko komisario Agustin Perez Rubiok honako hau bota du "Arte en dialogo" saioan egindako elkarrizketa batean: "deskolonizazioa, kolonizazioa izan badagoelako!". Bistakoa dirudi, baina potentzia zaharrek ez dute iragan koloniala erraz onartzen, eta orduan egin zituzten gehiegikerien barkamen eskaerak doi-doi hasi dira adierazten, "150 urte beranduegi" Europako arrazakeriari buruzko Human Rights Watcheko ikerlari Almaz Tefferaren arabera.

Bilakaera teknologikoak eta eskala handiko interkonexioak baditu bere akatsak, baina baditu ezaugarri positibo batzuk ere; horien artean, informazio alternatiboaren zabalpena. Eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimendu asoziatibo, herrikoi, sektorialak ugaritzen eta elkar laguntzen ari dira. Horien artean artistek ere euren ekarpena dagite. Denen artean, gai minimizatu eta, batzuetan, ezkutuei buruzko kontzientzia hartzen laguntzen dute. Horrek, halabeharrez, eragina du hedadura handiagoko hedabideetan izaten duten tratuan. Horrela ezagutu ahal izan da Black Lives Matter dinamika, eta egiaztatu ahal izan da Europak eredutzat hartutako Amerikako Estatu Batuetako politika arrazistek oraindik ere iraunean dirautela.

Badira, hala ere, baitezpada ikusten ez diren bortxa eta dramak. Herri indigenak desagertzen ari dira haien ingurumena arpilatzen eta erabat hondatu arte ustiatzen direlako mugarik ez duen ekonomia suntsitzaile bat elikatzeko. Politologo eta ingurumen-geopolitika gaietan aditu François Gemenne-k laburpen txiki bat luzatzen digu: Amazoniaren deforestazioa, Argentinako higiezinen espekulazioa, Sahara azpiko Afrikaren desertifikazioa, eta Ozeano Bareko uharte-estatuetan itsasoaren maila igotzea besteak beste. Uler daiteke kulturak ingurumenarekiko errespetuz eta berari estuki lotuta jarraitzen duen herrientzat aldaketa horiek zorigaiztokoak izatea.

Hala ere, Europaz kanpoko jatorrizko herriengan soilik arreta jartzeak kutsu exotiko belaxka hartzen du askotan, batez ere Mendebaldeari estereotipoak gehiegi gustatzen zaizkiolako eta bere espiritu kolonial supremazista laster berreskuratzen duelako. Enpatia da gakoa, eta Ramon Grosfoguelek bigarren deskolonizazioa deitzen diona da horretarako bidea. Erabateko deskolonizazioa, zeharkakoa, "arraza, etnia, sexu, genero eta ekonomia heterarkira iristeko". Bertrand Westphalek gustura gehituko lioke "kulturala" zerrendari. Azken honek uste du deskolonizazio-prozesuaren abiatzeari eta hori indartzeari esker hasi direla gaitzesten Mendebaldearen nahien unibertsaltasuna eta haren espiritu-sistema. Izan ere, hori da kontua; sistema bat da. Saihestu egin behar ditugu gizon zuri eta europar guztiak bidegabekeria inperialista eta patriarkalen bermatzaile eta defendatzaile sutsu gisa katalogatzen dituzten determinismo sinplistak. Bere egiturak, boterea eta balioak dituen sistema bat da… eta balore horiek edozeinek defenda ala sala ditzake, edozein delarik ere bere generoa, azalaren kolorea, jatorria eta bizilekua. Bakoitzari doakio hautatzea. Zeren artean? Norberarekiko desberdina den oro gutxiestearen ala berdintasunez errespetatzearen artean aukeratzea. Bestea menperatzearen, zapaltzearen ala solidarioa izatearen artean aukeratzea. Problematika hori ez da soilik Mendebaldearen eta Munduaren arteko harremanean planteatzen, zeinak lehen aipatu dudan konnotazio "exotikoa" ekarriko bailuke. Bere osotasunean eta leku guztietan planteatzen da. Hargatik, naturala da baita ere Europako lurraldean bertan horri buruz gogoetatzea.

"Sailkatu, menperatu; nortzuk dira ‘Besteak'" liburuan Christine Delphyk irakurketa interesgarria egiten digu batzuek besteen gain duten menderakuntzaz. Bada, ordea, margolanean itzal bat, bere hitzetan "franko-frantsesen" aldean jartzen dituen bretoi eta auvernharren bizipenak eta magrebiar jatorriko gazteen bizipenak kontrajartzen dituen unean. Deplhy Parisen jaio zen. Konparazio horren bidez, Frantziako Errepublikaren batasun eta zatiezintasun ikuspegia ongi barneratu izanaren irudipena ematen du, edo, nolanahi ere, Île-de-France-tik kanpo gertatutakoaren berririk ez izatearena.

Hemen, gauzei neurria hartzeko aukera emango digun testu baten zatiak ekartzea egokia iruditzen zait; Julien Vinsonen "XII. Mendeko euskaldunak. Haien ohiturak eta hizkuntza" 1881ean argitaratutako ikerketarenak hain zuzen. Pasartea, "Liber Sancti Jacobi" (Done Jakueren Liburua) izenekotik hartua da, jatorriz, Aimy Picaud izeneko Poitevineko monje batek latinez idatzi omen zuena.

"Nazio barbaroa da, nazio guztien desberdina bere errito eta esentzietan, maltzurkeria oroz betea, beltz kolorekoa, itxuraz ez zuzena, txerrena, zitala, traidorea, fedegabea eta ustela, lizuna, mozkorra, bortizkeria orotan usaiatua, basatia eta erasokorra, gaiztoa eta gaitzetsia, erlijiogabea eta latza, izugarria eta liskartia, gauza orotan landugabea, bizio eta bidegabekeria orotan usaiatua, Getak eta Sarrazenoen maltzurkerietan antzekoa, gure nazio galiarraren gauza guztietan etsai dena. Pieza bakar batengatik, nafar edo euskaldun batek frantses bat suntsituko du, ahal badu. Eta hitz egiten entzungo bazenitu, txakurren zaunkak irudituko litzaizkizuke".

Denboraren poderioz, hitz batzuk atzeraezinezko ekintzen lur-beltza bilakatzen dira, eta, oinarri horiek hor izanik, normaltzat jo daiteke 500 urte geroago, beste iluminazio batzuk erantsita, tesi hori gorago aipatutako sorgin ehiza baten erruztatzea bihurtzea.

Diskriminazio oro arrazakeriaren kontzeptuan sartzea proposatzen du Christine Delphyk, edozein delarik ere arloa. Askotan etsaitasuna eta indarkeria dakarten edozein ukazioen antzeko ondorioak nabarmentzen ditu, hala nola bizitza materialean, bizitzaren ikuskeran, besteenganako konfiantzan, etorkizunari buruzko baikortasunean edo ezkortasunean (autoestimuan, labur esanda). Zera eransten du: urteetako eguneroko umiliazioagatik pilatutako ondorio horiek ez dituztela kontuan hartzen "arrazakeriaren frantses espezialista ‘handiek'". Bat egiten dut berarekin, eta uste dut gaia, hain zuzen, partzialki baino ez dela lantzen, baita Christine Delphyren eskutik ere, lehen aipatutako arrazoiagatik.

Europar lurraldean herriei eta kulturei egindako bidegabekerien zerrenda luzea litzateke gaur egunera arte osatzen hasiko bagina, legeak gehitzen joan direlako, extra-ofizialtasunak ofizialtasunari lekukoa hartuz, eta abar. Zaila iruditzen zait hemen kolonizaziotik eta inmigraziotik sortutako komunitateek jasandako arrazakeria, Europatik kanpokoek bezala, Europako kultura autoktonoek ezkutatuta dagoena baina historikoki jasan dutenarekin ez alderatzea.

Horregatik miresten ditut jaikitzen direnak, zapalduak edo solidarioak, intelektualak, aktibistak edota artistak. Eta horien artean kokatzen naiz, baita nire lana ere. Alde guztietatik zapalkuntza begi bistan jarri eta salatua izan dadin.

Ez dago hondamendi naturalik eta gizaki guztiak ez dira duintasun eta eskubide berdinekin aske jaiotzen. Egun batez aldatuko ote…






©iF | 2026